Erreferente diren Nazioarteko Ranking-ak

Unibertsitaterik edo titulurik onena zein den galdetuz gero ez da erraza erantzutea. Ez dago teoria zientifikorik unibertsitate onena izatea zer den zehazten duenik, ‘onena’ kontzeptua pertsona bakoitzaren lehentasunen araberakoa baita. Unibertsitateei hiru eginkizun bete ditzatela eskatzen zaie (irakaskuntza, ikerketa eta beren inguruneari ekarpenak egitea), baina eginkizun horiek oso konplexuak dira eta, beraz, ezinezkoa da adierazle edo irizpide bakar batean oinarritutako konparazio bat egitea.

Unibertsitateetako irakaskuntzaren kalitateari buruzko informazioa bilatzeko bi erreferentzia generiko mota daude:

  1. Kanpoko kalitate-agentzia independenteek (adibidez, Unibasqek) egindako azterketak. Kalitate-agentzia horien ebaluazio-txostenetan alderdi kualitatiboei erreparatzen diete, bereziki, eta informazio zehaztua biltzen dute, baina jendearentzat, oro har, teknikoegiak izan daitezke.
  2. Unibertsitateen ranking-ak (eta rating-ak). Ranking eta ratingen bitartez unibertsitateak alderatzen dira irizpide jakin batzuen arabera eta helburu oso zehatzekin. Irakaskuntzaren kalitateari dagokionez, ikaskuntza eta irakaskuntzaren konplexutasuna soilik kuantitatiboki neurtzen saiatzen diren adierazleak erabiltzen dituzte, unibertsitateen artean konparazioak egin ahal izateko.

Ranking eta ratingen arteko aldea zera da, emaitzak nola aurkezten dituzten.

  • RANKINGetan unibertsitateak banan-banan alderatzen dituzte eta ordenatuta aurkezten dituzte, hainbat adierazletan oinarritutako eraginkortasun-neurketa baten arabera. Unibertsitateak agertzen diren ordena hori kalkulatzeko, unibertsitateak adierazle bakar batean multzokatzen dituzte (ohiko moduan, haztatuta). Adibideak: Shanghai-ko rankinga (ARWU) eta Leiden
  • RATINGen bitartez, unibertsitateak hainbat arlotako jardueraren arabera ebaluatzen dituzte, rankingen antzeko moduan. Baina erakundeak banan-banan alderatu beharrean, unibertsitateak eskala estandar baten arabera sailkatzen eta kalifikatzen dituzte (adibidez, ‘bikaina’, ‘ona’, ‘eskasa’ eta abar). Adibidez, U-multirank eta QS stars.

Kasu horietan guztietan, hainbat metodologia erabiltzen dituzte irakaskuntzaren kalitatea neurtzeko. Nabarmendu nahi dugu unibertsitateen rankingak, kasu askotan, unibertsitatea aukeratzeko erabakietan erabiltzen direla, betiere irakaskuntzaren kalitatean oinarrituta, baina maiz, rankingetan erabiltzen diren adierazleak ez dira egokienak horretarako. Rankingen bitartez konparazio orokorra egin daiteke, eta hasierako orientabiderako lagungarri izan daiteke, baina informazio hori beste iturri batzuetako irakaskuntzaren kalitateari buruzko informazioarekin osatu beharko litzateke erabakiak hartzeko; hala nola, kalitate-agentzien informazioarekin (Unibasq, esaterako).

 

Nazioarteko unibertsitate garrantzitsuenen ranking eta ratingak

Izena eta estekaEzaugarri nagusiakIrakaskuntzaren kalitatea aintzat hartzen al du?
Shanghaiko rankinga (ARWU - Academic Ranking of World Universities )Lehenengo rankinga da; 2003. urtean hasi ziren egiten, eta ikerketaren kalitateari erreparatzen dio, batik bat. Adierazle gehienak ikerketa-jarduerari buruzkoak dira.Ez du kalitatea aintzat hartzen unibertsitateen ordena edo rankinga zehazteko, baina hainbat adierazle indibidual eskaintzen ditu eta adierazle horietan agertzen dira irakaskuntzaren kalitateari dagozkion adierazle garrantzitsuak.
CWTS Leiden RankingAdierazle bibliometrikoetan soilik oinarritzen da, hau da, ikerketako argitalpenetan.Ez
U-multirankRating honetan, erabiltzaileek adierazle indibidualak hauta ditzakete erabiltzailearen neurrirako ranking bat osatzeko. 5 zeregini (‘dimentsioak’) buruzko adierazleak ditu: irakaskuntzaren kalitatea, ikerketaren kalitatea, nazioartekotzea, jakintzaren transferentzia, eta eskualdean uztartzea eta ekarpenak egitea. Erakundeak elkarren artean alderatzeko aukera ematen du, baita diziplinen arabera ere.Bai, ‘irakaskuntzaren kalitatea’, ‘nazioartekotzea’ eta ‘eskualdean ekarpena egitea’ dimentsioetan.
Times Higher Education RankingsMundu osoko rankingen multzoa da; erakundeak, diziplinak eta ospea hartzen ditu aintzat, eta eskualdeko rankingak (Asia, Latinoamerika eta BEIT herrialdeak) ere txertatu ditu. Adierazleen 5 multzo nagusi ditu, nazioartekotzea, ikerketa eta irakaskuntza uztartuta. Bai, zenbait adierazletan balioak bereizita argitaratzen dira.
Quacqarelli-Symonds (QS) rankingsRankingen multzo bat da, eta ikerketa irakaskuntza baino gehiago hartzen dute kontuan, baina ospeak ere garrantzi handia du, eraginkortasunak edo emaitza zehatzek baino gehiago.Bai, zenbait adierazletan, baina zenbait adierazle ospean oinarritzen dira jardueran baino gehiago.
Quacqarelli-Symonds (QS) StarsRating-sistema bat da eta puntu-sistema batean oinarritzen da (check-list motakoa); unibertsitate bakoitza sailkatzen du, neurtutako alderdi guztietan duen kalitatearen arabera.Bai.
Thomson Reuters’ Global Institutional Profiles ProjectUnibertsitateen adierazle globalen multzoa da, eta jarduera, eginkizun eta emaitza mota guztiak aztertzen ditu.Bai, zenbait adierazletan.
SCImago Institutions RankingErakundeen ranking honetan ikerketa da ardatza.Gehienak ikerketari buruzko adierazleak dira, baina adierazleren batek nazioartekotzearen osagaia eta irakasleen kalitatearen osagaia ere neurtzen ditu.
Round University rankingUnibertsitateei buruzko 20 adierazle eskaintzen ditu ranking honek, 4 kategoriatan sailkatuta: irakaskuntza, ikerketa, nazioarteko dibertsitatea eta finantza-jasangarritasuna.Bai.